XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bardin izan eitekezan euskaldun edo erdaldun, baina batatzuk edo bestetzuk direla, biak be nahiko hurrundu dabilz Urigueneko errealidadetik.

Urigueneko auzia erderatzen nahiko endredatu dira beheinipehin.

Edo hizkuntzak edo pertsonaiak itzulikatu dauez, traduzidu, erderatu.

Hori dala eta, ez nintzake bat be harrituko komisari arraiak Urigueneko auziaren erdirik ez ulertzeaz.

Ez ulertzeaz edo eta ulertu gura-ezaz, nik zer dakit?.

Urigueneko auzia zehatz-mehatz ulertu gura baleu, ausaz euskera ikasi eta herritarrei galdetu eikien, beti gure salatzaileen traduzianoari eta traizinoari jara egin barik.

Zelan izan daitekez hemen epailari on euskera ikasi barik!.

Hagaitik hainbat latzagoa deritxot zure betekikizunari, horren beste ezjakin eta badaezpadako arpegiri aurre egin behar dautsezulako.

Hemen dozu lagungarri, Urigueneko neure euskera.

Nire espedientearen egile eta erazoleek legez, hango jazorikoak erderatuko banenduz, eztalakoan be, errakuntzaren batera lerratuko nintzake, batean hizkuntzen ezin bateratzeaz eta bestean, bekaitzak edo gorrotoak sortzen dauezan ilun unean, itxumustuan, tupust eginda.

Ez egokidan neure gogoetak eurak be erderatzerik, neure kontzientziari iruzur egin gabe.

Horrela, zuk behenipehin, jatortasun osoan jakingo dozuz zertzelada guztiak eta haren iturburuak.

Besteak, hau da, euskera ez dakienak, konbeni be ez da izango oraindino dana jakiterik, euren eskutiko indarkeriari biderik ez emotearren.

Idatzitakoetan be, zeuk eta inoren kaltetan ez dala egokien begitantzen jatzuna erabilli zeinke eurei aditzen emoteko eran.

Pertsonai askoren izenak ezkutau dautsudazanarren, prest nagoke zeuri ahoz-aho iragarteko, nik dinotsudanaren barri gehiago lekukoengandik jaso ahal daizun.